Euskararen astea 2016

EUSKARAREN ASTEA SAN JOSE IKASTETXEAN -2016

“Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz. Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz…” dio Oskorri taldearen doinu ezagunaz jantzitako Xabier Amurizaren letrak. Guda luzea, etenik gabekoa, egunerokoa  eta noizean behin hauspotzea behar duena. Abenduaren 3a dugu hartarako hautatutako  nazioarteko eguna eta egunarekin bat egin nahian Euskararen astea izan dugu gure Ikastetxean.

              Astearen egunsentian “Euskaraz bizi nahi dut” lema zintzilikatu genuen handik aurrerako egunetan izango genuen ekintza multzoari hasiera eman eta gure helburua zein den gogorarazteko.

              Astelehenean, eskupilota txapelketari ekin genion. Hainbat neska eta mutil genituen txapelketan jokatzeko izena emandakoak eta jolas garaietan jokatu ditugu partidak. Ikusgarria izan da klaseak hasi baino lehen edo eguerdiko jolasgaraietan gure gazteak halako gogoz entrenatzen ikustea.

Egun berean, ahotsak berotzen ere hasi ginen. Izan ere, karaoke lehiaketan parte hartu behar zuten ikasleek ere hautatuak zituzten abestiak prestatu behar zituzten. “Ilargia”, “Gogoak”, “Zarena zarelako”, “Ez gaitu inork geldituko”, “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?”, “Behin betiko”… Kantuen doinu eta letrak Ikastetxeko txokoak zipriztintzen hasi ziren.

             Asteartean, bezperan hasitako ekintzei beste batzuk gehitu genizkien. Haurtzaindegiko txikienak ipuinen mundu miragarrian murgildu zitzaizkigun, eta LH nahiz DBHko ikasleak aldiz, Txispunekoek antolatutako ginkanako frogak gainditzeari ekin zioten buru belarri.

             Astearen erdia heldu zitzaigunean, eguraldi ederrez lagundurik, Kulkikoek antolatutako jolas parkean gozatu zuten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek. Haurtzaindegiko txikiak ere ez ziren atzera begira gelditu eta haiek ere euren jolas parkea izan zuten. Egun berean, LHko helduenek Elixa Gallego nutrizio adituaren bisita izan zuten. Arreta handiz entzun zituzten ikasleek Elixaren azalpenak eta galderaz josi zuten hartarako eskainitako tartean.

             Ostegunean berriz, DBHkoek Mugaritz Jatetxeko Leire Etxaide sukaldariaren bisita izan zuten. Arreta handiz entzun eta ikusi zituzten Leirek bere ibilbideari buruz emandako azalpenak eta Mugaritzen egiten duten sukaldaritzaren inguruko xehetasunak. Baina, zalantzarik gabe, sukaldaritza berezi horren baitan, Leirek gure ikasleek ikusteko, usaintzeko eta dastatzeko ekarritako plateren unea izan zen bereziena. Zein harrigarria den zaporeen mundua!

Arratsaldean, Jokin Labaien eta Jon Martin bertsolariak izan genituen LHko ikasleei bertso saio ederra eskainiz. Han ibili ziren ikasleek jarritako gaiei eta puntuei fin-fin erantzuten, umoretsu. Txalo zaparrada handiz eskertu zieten ikasleek egindako saioa.

            Eta hala heldu zen astearen ilunabarra. DBHko helduenek Kasino Zaharrean zuten hitzordua mihia euskaraz astintzeko. Beste ikastetxeetako ikasleekin hainbat gairen inguruan euren iritzia partekatzeko asmoz antolatutako “mintzodromoa” izan zuten. Bitartean, astearen hondarrerako utziak genituen pilota txapelketako finalak eta euskal kantuz osatutako karaoke-lehiaketa zain genituen. Lehenean, fin aritu ziren txapela preziatuaren bila. Bigarrenean, euren jantzi, apainketa eta koreografiaz hornitu zituzten ikasleek euskal doinuak, ilusio biziz, astean zehar kantuak prestatzen emandako orduen emaitza erakutsi nahian. Adinak adin, txiki nahiz handi izan genituen parte hartzaile, giro bikaina sortuz, eta txiki-txikienek ere euren karaoke saioa eginez gozatu zuten. Ez ziren astearen azken hondar aleetan euskal joko-jolasak eta hamaiketako goxoa falta izan.

             Hauxe da aurtengoak eman duena eta eskerrak eman nahi dizkiegu bertan modu batean zein bestean parte hartu duten guztiei: ikasle, guraso, irakasle eta Hezkuntza Komunitate osoari. Eta nola ez, gurera bisitan etorri diren eta gure aste honetako egitaraua osatzen bidelagun izan ditugun guztiei.

            Dena den, Oskorriren kantuko “guda” luzea da oraindik, eta halako egunik nahiz asterik egin behar izango ez dugunean garaituko dugu, gure hizkuntza gure eguneroko hitza izango baita, gure eguneroko ahotsa, ohikoa. Hor dugu gure erronka. Eta hori lortu ahala, gure Ikastetxeko lema ez da “Euskaraz bizi nahi dut” izango “Euskaraz bizi naiz” baizik. “Eman hegoak euskarari”.

“Euskararen txantxangorria”

Sortaldeko argi berriari, ari zaio aspaldi

arratseko azken izpiari, egun eta gizaldi

Bular gorri, hegakada arin, lur hauetan da emari.

                                  Erreka eta ibai zabalaren, itsasoaren egarri.

Lau haizetara hegan,

bera dabil airean.

Ahotan, belarritan,

su epelean.

Kalearen bizia.

Herri honen irria.

Euskararen txantxangorria.

Haizearen magal leunean, hedatu da oihua.

Bihotzaren taupadetan, hitzak sortu du doinua.

 

Olatuek beren solasean, aukeratutako harria.

Denboran zehar dute jolasean, eten ez dadin haria.

Lau haizetara hegan,

bera dabil airean.

Ahotan, belarritan,

su epelean.

Kalearen bizia.

Herri honen irria.

Euskararen txantxangorria.

(Dani Venegas, Urbil Artola, Gorka Sarriegi)

Eskerrik asko. Hondarribiko San Jose Ikastetxea

Fraxkueneko Murrua 1, 20280 Hondarribia
Tf.: 943 641036
               hondarribicruz@planalfa.es

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut