Normalkuntza San Jose ikastetxean

San Jose ikastetxea 1985. urtea arte A ereduan murgilduta egon zen, nahiz eta 1979.urtetik euskara gai gisa eman. Honela, 1985. urtean B ereduarekin hasi ginen eta gaur egun, hasi genuen ildoari jarraituz, euskara oinarria duen hezkuntza ereduarekin uztarturik gaude eta jada gure eskolako D eredua Lehen Hezkuntzako etapa osoan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan ezarrita dago.

1996-1997.urtearen amaieran gure ikastetxeak hizkuntzaren normalkuntzarako proiektuan sartzea erabaki zuen. Ordutik hona gauzak nabarmen aldatu dira, ikasleen artean ezaguera maila asko igo dela nabaritu delarik eta eskola erdaldunaren irudia aldatuz joan delarik herriaren begietan.

Hizkuntza Normalkuntza Proiektuak. Hainbat ezaugarri

Normalizazioaren helburua erabilera hedatzea da. Hori hezkuntza, politika eta kulturaren bitartez ematen den berrantolaketa prozesua da. Erabileraren hedapena honako lau xede hauek jorratuz egiten da:

  1. Hiztun kopurua haztea.
  2. Erabileraren maiztasuna handitzea.
  3. Erabilera eremu eta funtzio anitzetara hedatzea.
  4. Hizkuntza minorizatuaren presentzia areagotzen lagunduko duten erabilera- arau adostuak indarrean jartzea.

Aipatutako xede horien lorpenean eragile asko hartu behar dira kontuan. Hala ere, eta hezkuntzari dagokionean, eskola eragile garrantzitsua da. Hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta erabiltzeko motibazioa sustatu eta lantzeko funtsezko euskarria da. Ziurrenik, dugun egoeran, normalizaziorako elementurik trinkoenetakoa.

Horretarako, aintzat hartu behar dira eskola-komunitateko eragile guztiak: ikasleak, irakasleak, gurasoak... Horien adostasuna bilatuz, orain arte landutakoa finkatuz, helburu lorgarriak jarriz, urratsez urrats aurrera ekitea dagokio eskolari.

Eskolaren ahalegin horri lagundu, baliabideak eskaini, eskolen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea du helburu Ulibarri Programak.

Gaur egun, normalizazioan jarraitzera bultzatzen gaituen beste arrazoirik ere bada: Euskararen ahozko erabilera bultzatzea. Ikastetxeko Zuzendaritzaren eta Klaustroaren oniritziarekin eta laguntzarekin, Normalkuntza Proiektuan 3 HNTk lan egiten dute gure helburua aurrera ateratzeko asmoz.

Ikasleak soilik ez dira HNP helburu. Ikastetxeko beste esparruak ere oso kontuan hartu behar dira: irakasleak, gurasoak, administrazioko langileak... guztiak barnebiltzen dituen plan osatua.

Herriko erekundeekiko elkarlanean, osagarritasunean jardutea behar-beharrezkoa da eraginkortasuna lortu nahi bada.

Plana eratzean oso kontuan hartzekoak dira, besteak beste: metodologia, irakasleen prestakuntza, testuinguru soziolinguistikoa, ikastetxearen abiapuntua eta antzeko aldagaiak.

Ikastetxearen normalkuntza lanean oso kontuan hartzekoak dira honakoak:

  1. Normalkuntza proiektuen motorra ikastetxean bertan dago, hau da, ikastetxea da bere proiektuaren arduradun nagusia eta bere ibilbidearen erantzule.
  2. Ikastetxeko motor hori kanpoan ere elikatu egin behar da. Ikastetxearen eginahal horretan lagungarri eta osagarri gertatu behar dute Ulibarriren baliabideak: guneko bilerak, diagnosirako tresnak, trukerako foroak, prestakuntza saioak etab.

Fraxkueneko Murrua 1, 20280 Hondarribia
Tf.: 943 641036 - Fax: 943 644078
hondarribicruz@planalfa.es

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut